Sector Bilbao La Salle ARLEP

Andoain – Berriak

La Salle Berrozpeko ikaslea, Joseba Garmendia, Espainiako 2.500 ikasleren artean irabazlea izan da American Dream sarietan. Zorionak!!

Andoain, 2019ko ekainaren 20a. Joseba Garmendia, La Salle Ikastetxean DBHko 4. maila ikasten ari den gaztea, ikasle bikaina izateaz gain, aparteko golf-jokalaria ere bada. Golfeko Espainiako selekzioko kide izan da eta estatuko hainbat lehiaketa irabazi ditu.

Kirol-curriculumari eta ikasketa-espediente bikainari esker iritsi da American Dream sarietako finalista izatera. DBHko 4. mailako eta Batxilergoko lehenengo mailako ikasleei zuzendutako proba da, talentua erakartzea helburu duena. Horrek Estatu Batuetako unibertsitate batean ikastea nahi duten estatu osoko 2.400 ikasle baino gehiago biltzen ditu urtero, eta beka bat lortzeko aukera eskaintzen die. American Dream ekimenak bi kategoria ditu: akademikoa eta kiroletakoa. Azken horretan kirol-profila hartzen da kontuan, ikasketa-profilaz gain. Modalitate bakoitzeko 15 ikaslek hartuko dute parte finalean, datorren ekainaren 22an, Madrilen. Finalista izateko, aurretik Estatu Batuetako “selektibitatea” den SAT proba gainditu behar izan dute Ingelesa eta Matematika ikasgaietan, skype bidez egindako azterketetan. Finalean, konpetentzien probak egin ondoren aukeratuko dituzte irabazleak, modalitate bakoitzetik bat. Saridunei, Estatu Batuetako edo Kanadako unibertsitate bat bilatuko diete antolatzaileek, unibertsitate-ikasketak egin ditzaten, eta beka bat lortzen lagunduko diete, ahalik eta osoena —% 100ekoa izan daiteke—, bertan ikasi ahal izateko.