Sector Bilbao La Salle ARLEP

Beasain – Berriak

La Salleren lan pedagogikoa aitortu du Euskadiko Eskola Kontseiluak

Euskadiko Eskola Kontseiluak, haren presidente Maite Alonsok bidalitako gutun baten bidez, Beasaingo La Salleren lan hezitzailea eta, bereziki, haren “apustu pedagogikoa” aitortu eta balioetsi du. Ikastetxeari zuzendutako gutun horretan, zorionak ematen dizkie ikastetxeko zuzendaritzari eta “ikastetxeko hezkuntza-komunitate osoari” orain arte egindako “apustu pedagogikoarengatik eta “hezkuntza-berrikuntzaren arloan egindako lana partekatzeagatik”.

Hezkuntza Ministerioak joan den apirilean antolatutako ‘Nuevo currículo para nuevos desafíos’ foroan parte hartu ostean etorri da Kontseiluaren zoriontze mezua. La Salle ikastetxeen sarea ikasgeletan zabaltzen ari den Ikaskuntza Testuinguru Berria (ITB) pedagogia berritzaileak interes handia piztu du, eta testuinguru berri horixe izan zen, hain zuzen ere, Beasaingo ikastetxeko zuzendari Jaione Mujikak foro horretan eskaini zuen hitzaldiaren ardatz nagusia.

Saritua izan da Beasaingo La Salle ikastetxeko ikasleek egindako web eko-jasangarria

Beasaingo La Salle ikastetxeak abiatutako proiektuak lortu du Kaixomundua.eus lehiaketako saria DBH kategorian. Hezkuntza komunitatearen gaitasun digitala sustatzea du helburu lehiaketa horrek.

Beasaingo La Salle ikastetxeko DBHko ikasleek irizpide eko-jasangarriz egin eta garatutako webgune batek irabazi du hezkuntza komunitatearen gaitasun digitala sustatzeko sortua den Kaixomundua.eus lehiaketa. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek parte har dezakete PuntuEus fundazioak antolatutako lehiaketa horretara. Ikasturte honetan, 36 ikastetxeko 1.300 ikaslek parte hartu dute lehiaketan, eta 21 ikastetxek aurkeztu dituzte beren lanak.

La Salleko ikasleek egindako ekoweb.eus orriak irabazi du lehiaketa DBH kategorian, ekodiseinu irizpideak erabili dituelako web-orri horren garapenean. Eko-irizpideak erabiltzeaz gainera, web-orriak ekodiseinuan aritzeko aholkuak ematen dizkie webguneak egin nahi dituzten pertsona eta talde guztiei. Web-orriaren egileek esan dute irizpide ekologikoak erabiltzen saiatu direla, haren “tamaina eta teknologiaren erabilera neurritsuak” izan daitezen, “baliabide gutxiago kontsumitu eta zerbitzariaren lana arintzeko”.

Kaixomundu.eus hezkuntza komunitatean eragiteko proiektua da eta web-orriak egiten irakasten die ikasleei eta irakasleei, eduki digitalak sortzeko aukera izan dezaten, eduki horiek kontsumitzeaz gainera. Lehiaketak bikoiztu egin du parte-hartzaile kopurua aurreko urtearekin alderatuta eta hiru kategoria ditu: DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Guztira, 135 ikasle taldek aurkeztu dituzte lanak lehiaketara.