Sector Bilbao La Salle ARLEP

Bilbao – Berriak

EduCaixa Big Data Challenge erronkan saritua izan da La Salle Bilbao ikastetxeko talde batek

Educaixa Big Data Challenge saria irabazi du La Salle Bilbao ikastetxean Batxilergoko 1. maila ikasten duen taldeetako batek aurkeztutako proiektuak. Sariketa horrek erronka hau proposatzen zien ikasleei: “aldaketa eragile izatea COVID-19 krisiaren aurrean”.

Ikasleek datu irekiak erabili behar zituzten COVID-19ak beren ingurune hurbilean eta denbora tarte jakin batean izandako eboluzioaren “kurba” aztertzeko, eta albiste bat idatzi behar zuten kurba hori azaltzeko.

María Tesán, Ibon Quintanilla eta Unai Gómez hirukoak aurkeztutako proiektuak irabazi du saria, eta hau da egin duen albistearen titularra: “COVID-19ari buruzko iritziak pandemia gainditzeko denbora baldintzatuko du Espainian”.

Erronka horretan 1035 taldek parte hartu dute guztira eta, horietatik, 25 hautatu dituzte maiatzaren 4tik 6ra egin den campus birtualean parte hartzeko.

Maríak, Ibonek eta Unaik osatutako taldeak ikasbidai edo ‘bootcamp’ bat egingo du Mallorcako Palman, beren ikaste bidean aurrera egiteko.

La Salle Bilbao ikastetxeak proposatutako Scape Roomak irabazi du ekintzailetza sustatzeko ‘Sortzearen Abentura’ saria

La Salle Bilbao ikastetxean DBH 3 ikasten duen ikasle talde batek irabazi du aurten «Sortzearen abentura» saria. Bilbao Gazte ekimenak antolatutako sariketa horrek ekintzailetza sustatu nahi du 14 eta 16 urte bitarteko gazteengan, ekimen praktikoen bidez. Ikasle hauek osatu dute talde irabazlea: Miren Llorentek, Oihan Larrañagak, Nico Leonek eta Xabi Rilobak.

Aurtengo sariketan, Bilboko balioen karta gazteen artean ezagutaraztea eta haiengana hurbiltzea izan da proposatutako erronka. Estrategia bat osatu behar zuten parte-hartzaileek gutuna eta balioak zabaltzen laguntzeko eta gero eta pertsona gehiagok bat egiteko ekimen horrekin. Horren guztiaren helburua gazteek ekintzailetzaren oinarrizko kontzeptuak eta balioak barneratzea da, hala nola sormena, talde-lana, arazoak konpontzeko moduak, komunikazioa, inplikazioa ingurune errealetan, garapen pertsonala eta autoezagutza, sortzeko gaitasuna eta jarrera ekintzailea.

La Salle Bilbao ikastetxeko taldearen proiektu irabazleak Bilboko balioen kartan oinarritutako Scape room bat egitea proposatzen du. La Salleko gazteen proposamenak ideia hori garatzea proposatzen dio Bilboko Udalari, hiriburuko ikastetxe guztietara eramateko, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat. Hirian Erasmus ikasleentzako Scape room bat sortzeko aukera ere planteatzen da.