Sector Bilbao La Salle ARLEP

La Salle Bilbao – Berriak

La Salle Bilbao ikastetxeak ITB hezkuntza metodologia berrira egokitzeko eraldatu ditu bere instalazioak. Hormarik gabeko espazioak ditu orain, energiaren erabilera efizientea egiten dutenak.

La Salle Bilbaok bere hezkuntza metodologia berriari neurrira egokitzen zaizkion espazioak sortu ditu ikastetxean. Ikaskuntza Testuinguru Berria deritzo metodologia berriak, ITB du sigla euskaraz, eta errotik aldatuko du ikasleen ikasteko modua, ikasleak beraiek izango baitira beren ikaste prozesuaren protagonista.

Ikastetxeko espazioak egokitzeko, 1.800 metro koadroko azalera hartu duen obra bati ekin zaio, eta erabat berritu dira Lehen Hezkuntzako lehen mailatik bosgarrenera bitarteko gelak, espazio ireki eta guztiz garden bihurtzeko. Espazio horietan, desagertu egiten da ikasgelaren kontzeptua eta zenbait irakaslek elkarrekin lan egiten dute aldi berean, mailaz maila sustatu eta indartzeko ikasleen ikaste prozesua. Orain, ez dago hormarik, ikasle zein irakasleen mahairik edo irakasgairik, eta ikasleek askoz ere autonomia handiagoz lantzen dituzte beren trebetasunak eta gaitasunak.

ITB sortzean, La Sallek testuinguru oso bat eraldatu eta diseinatu du, ikasleen ingurune osoa eta haien ikaste prozesua errazteko. Testuinguru horrek mintegiak, tailerrak eta proiektuak erabiltzen ditu ikasleek banaka zein beren ikaskideekin lankidetzan ikasi eta beren garapen pertsonal eta konpetentzial osoa lor dezaten. Tresna horiez gainera, bi une berezi darabiltza ITBk emozioak eta autoezagutza lantzeko: harrerak eta itxierak.

Ikasturte honetan, Ikaskuntza Testuinguru Berria Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailan erabiliko da La Salle Bilbao ikastetxean eta, arian-arian ezarriko da gainerako mailetan. Ikastetxeko maila guztiek 2024-2025 ikasturtean ITB metodologia erabiltzea da ezarpen plangintzaren helburua.

Ikastetxean egindako lanak benetan ikusgarriak dira eta iraultza handia dakarkie espazioei eta ikasteko moduei. Lanek bereziki zaindu dute eraginkortasun energetikoa, eta ikastetxeko instalazio gehienak eguzki-plakek sortutako energiaz hornitzen dira orain. Azkenik, ezarri den aireztapen-sistemak etengabe berritzen airea, eta CO2 kantitatea eta beste parametro batzuk neurtzen ditu.